XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Edozein modutara, bide polifiletikoetako autore gehienak lerro independente eta ebolutiboki itxitzat jotzen dute belakietarantz doan ildoa.

Izan ere, desberdintasun nabariak direla eta (nerbio-sistema mailan, garapen mailan etab.), maiz asko metazootatik aparte sailkatu ohi dira, parazoa taldean alegia.

Bestalde, eta lerro planuloideoa lehenago agertu baldin bazen, leinu azeloideoa planuloideotik eratorri dela ondorioztatzen da.

Aitzitik, azeloideoak lehenago garatu zireneko kasu hipotetikoan, bide alternatibo biren aurrean aurkituko gara: edo knidarioak platelminteetatik eratorri dira zuzenki, edo bestela, azeloideo goiztiarretatik leinu planuloideoa sortu lehen urrats batetan, eta, ondoren, knidarioak.

Hala ere, eta aztarna fosilen gabeziaz, oso eremu labainkorrean higitzen dira aipaturiko hiru hipotesiak.

4.2. PLURIZELULARITATEAREN ABANTAILAK
Begibistakoa denez, plurizelularitatea abantailosoa gertatu da, eta noski arrakasta ebolutiboa jaso du.

Oro har, plurizelularitatearen abantailak, makineria zelularraren errepikapenetik datoz.

Alde batetik, makineriaren errepikapenak longebitatea suposatzen du, hau da, denbora luzeagoz bizitzeko ahalmena, zelula indibidualak alda bait daitezke.

Bestetik, ugal potentziala areagotu egiten da, zelula askok ugalkuntzan dihardute eta.

Azkenik, makineriaren errepikapenak homeostasia dakarkio animaliari; tamainu handiagoa lortuz, barne-egonkortasun fisiologiko erlatiboa erdiets daiteke, eta beraz, espektro arkitektoniko zabaleko gorputza eraiki.

Horietaz gainera, zeregin berezietarako espezializaturik (muskulu-zelulak edo neuronak kasu) zelulak desberdintzatu egin daitezke plurizelularitatearen muga iritsi eta gero.

Honen ondorioz, efikazia funtzionala emendatuko da.

Zer esanik ez, abantail partikularrak kasuz kasu aldatu bide ziren, txoko ekologiko desberdinen arauera.

4.3. MAILA TRIBLASTIKOAREN AGERPENA
Goi-metazooak superorganismo konposaturen bidez garatu beharrean, maila indibidual batetan lortu zuten antolakuntz maila berria eta benetan gorena.

Egungo egunean bizi direneko maila berri horretako organismo bakunenen artean, platelminteak aipa daitezke.

Berauetan, aurreko mailek aurkezten zuten mesoglearen geruza gelatinatsu barik, mesenkima aurkitzen da, zeina, ehuna sortzen duten zelulazko bilbapena izaten bait da.

Aipatu ehuna hirugarren geruzatzat, hots, mesodermotzat joa izan da, ektodermo eta endodermoaren artean kokaturik.

Hiru geruzetako egitura horri deitzen zaio maila triblastiko. Nolanahi ere, maila triblastikoaren jatorriak ez du inolako oztopo kontzeptualik; alabaina, lerro filogenetiko zehatza segitzeko unean ezteusak ikusten ditugu geure buruak.

Aurreko pasarte batzutara itzultzea nahikoa dugu honetaz ohartzeko.

Bestalde, platelminteen plan egitural pseudometamerikoa, zeinak barne-organoen parakuntza seriatua eta simetria bilaterala duen, beste zenbait phylumetan aurki daiteke, nemertinoetan kasu batetarako.